XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

GUK RAUL GUERRA GARRIDORI IRAKURRI DIOGU ETA HONEK AMERICAN PHARMACY-RI IRAKURRI OMEN DIO: gizonaren gorputza osatzen duten elementu biologikoek merkatuan duten salneurria kontutan hartuko bagenu, 70 bat kilotako giza gorputz batek 169.834 dolare balioko omen lituzke.

Hainbeste gramo kolesterol, hainbeste hemoglobina, albuminatik hainbat gramo eta beste hainbat gramo zailagoak eta ezezagunagoak gertatzen zaizkigun protronbina, mioglobina eta ezdakit-zer-globina moetetatik, eta horra hor edozein gauza neurtzeko beti prest dauden amerikarren zenbakiak: 169.834 dolare 70 bat kilotako gorputzeko.

Eta ez dugu diru kopurua pezetetara pasako, dolarra bait da kirolaririk olinpikoena markak hauste kontuan eta batek aspaldian galdu bait zituen marka horiekiko harrera, ardura eta zaletasuna.

Amerikarrek galdu ez dituzten birtuteak dira hirurak, bururatu egin behar bait zaio bati gure gorputzak omen dituen elementu guzti horiek gramotan neurtzea, elementu horiek laborategitako merkatuan duten salneurriaz jabetzea eta, ondoren, horko batuketa, biderketa eta munduko keta guztiak egitea: errentako paper zuri-mingotsak betetzea baino zailagoa, adiskide!